Inicio Actualidad Everest Tibet aldetik?

Everest Tibet aldetik?

Juanra Madariaga

Bai, hala dirudi. Txinak aspalditik ditu bertako mugak itxita bere herrikideak ez direnentzat, eta beti jarri izan ditu bertako mendietan espedizioak egiteko oztopoak. Izan ere, Txinako Gobernuak ez ditu begi onez ikusten Tibeten egin zuen zapalkuntzaren arrastorik mundu zabalean agertzea, eta Free Tibet ohiko aldarrikapenik gerta ez dadin kanpoko espedizioek itxita dituzte bertako mugak.

Horrexegatik Cho-Oyu, Shisha-Pangma edota Everest handia bakartiago daude Tibet aldetik. Agian, asperturik. Halarik ere, azken horretan Txinak espedizio propiok baimentzen ditu, nola ez! Azkena hil honetan izan da Rongbuk haranaren hasieran jarritako bere kanpamentu nagusian. Bertakoak? Txinatarrak, jakina!

Bada, horiexek Everesteko gailur mitikoa zapaltzen lehenak izan dira aurten. Guztira hamaika mendizale heldu ziren maiatza hasi baino lehenago (apirilaren 30ean) erpin preziatura. Datu kuriosoa ere bada, izan ere munduko mendirik altuenean izaten diren igoaldiak maiatzaren erdialdean hasten dira, horrexegatik aurtengo txinatarrena saiorik goiztiarrena izan da.

Egia da, behinola, hainbat gailur egiteko hilabete egokia ere izaten zela apirila, baina orokorrean maiatza izan ohi da egokiena, klimatologiak beti eskaintzen baitu leiho nagusi bat baldintza bereziekin.

Eta lehenago ere eman dira hainbat tontor. Annapurna izaten da zortzimilakoetan lehenengoetariko bat. Egunotan portzierto, Annapurna albiste bilakatu da beste behin, alde batetik makina bat mendizale azken punturaino heldu direlako, eta beste aldetik, drama bat ere korapilatu delako.

Kontua da, gailurrerako saiorako oso tarte txikia zabaldu zela eguraldi aproposarekin. Batzuk, azken egunean eguraldia gaiztotuko zuela bazekiten ere, gorako ekinaldian tematu ziren. Oxigenoaren hornidurarekin abiatu zirenek puntaraino heltzea erdietsi zuten, baina saio berean eta oxigenoaren laguntzarik gabe zihoazen beste alpinista batzuek gorriak ikusi zituzten. Azken horien artean, batzuek gerta zitekeenaz jabeturik atzera egin zuten, baina beste batzuek, zehazki bik (Italiako Giampaolo Corona eta Tim Bogdanov suediarra) gorantz segitzea erabaki zuten. Gero gerokoak.

Eguraldia tanpez aldatu zuen, eta ekaitza batek hartu zituen azken bi horiek. Azkenean bi egunen buruan erreskataturik izan ziren. Biek izozketa larriak pairatu zituzten, eta hala ageri dira Katmanduko ospitale baten egindako argazkietan, eskuak eta oinak bendaturik, hatzamar eta behatzetan anputazioak izango dituzten seinale.

Tim Bogdanov Manaslun ezagutu nuen nik, eta era askean zebilen, bera bakarrik, ez sherparik, ez oxigenorik, bere tramankulu guztiak bizkarreraturik, jo eta su. Hala lortu zuen gailur hura, eta gero besteren bat ere. Oso indartsua zen Tim, baina Annapurnak ibilbide hori aldaraziko dio betiko.

Argi dago, oxigenoa bestelako aukera zabaltzen diola mendizaleari. Punta puntakoa ez bazara, gailur zail bat egin nahi izateak gas horren erabilpena dakar batzuetan, bestela hartzen duzun arriskua handiegia izan daiteke eta.

Gero eta gutiago dira bularreko hauspoari etekin handia ateratzen diotenak, eta gero eta sarriagotan ikusten dugu oxigenoa altueran. Behintzat istripu gutxiago gertatuko dira modu horretan, batzuk, oraindik gertatzen badira ere.