Inicio Actualidad Hemingwayk 40 urtez Euskal Herriarekin izandako lotura, Galdakaon

Hemingwayk 40 urtez Euskal Herriarekin izandako lotura, Galdakaon

‘Euskal Herria & Hemingway’ erakusketa, urriaren 6ra arte egongo da ikusgai Torrezabal Kultur Etxean

ZUREKIN

Munduan zehar bidaiatzen duzunean beti sentitzen duzu ez dagoela Ernest Hemingway egon ez den leku bakar bat. Bada, XX. mendeko eleberrigile eta ipuingile nagusietako bat izandako idazle eta kazetari estatubatuar hau hobeto ezagutu nahi baduzu, Galdakaora hurbil zaitez, berari buruzko erakusketa zabalik baitago Torrezabal Kultur Etxean urriaren 6ra bitarte. Zehazki, arratsaldero egongo da ikusgai, 17.30etik 20.30era, ia 40 urtean Euskal Herriko kultura eta bertako jendearekin izan zuen lotura aztertzen duen lehen erakusketa.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, gurera etorri zenetik, 1920ko hamarkadatik, 1961ean Idahon hil zen arte, «ez zion utzi Euskal Herrian jaiotako jendearekin harremanak sortzeari, Kuban emandako urte luzeetan ere ez. Era berean, kontaktu bati esker, euskal kultura eta gastronomiari buruzko ezagutza handia lortu zuen, eta euskararekiko interesa piztu zitzaion», diote.

Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan jarri den ‘Euskal Herria & Hemingway’ erakusketak honako pieza eta objektu hauek ditu: Jose Maria Ucelayren ‘Conversation Piece, Just Leisure’ olioa (Hemingway Juan Duñabeita lagun minarekin agertzen da); ‘Pilar’ yatearen maketa bat (Hemingwayk, Habanako lagun pilotarien laguntzarekin, Alemaniako itsaspekoak ‘ehizatzeko’ erabiltzen zuen yatea); bere eleberrien aleak; idazlearen bizitzari eta obrari buruzko argitalpenak; eta argazkiak.

Bide batez, Galdakaoko Udalak eta Torrezabal Kultur Etxeko liburutegiak herritarrei gogoratu nahi diete udal liburutegian eskuragarri daudela Hemingwayren zenbait liburu: ‘La mariposa y el tanque’, ‘Despachos de la guerra civil española’, ‘Gaizkileen faktoria’, ‘Cuentos’, ‘Por quién doblan las campanas’, ‘Fiesta’, «Tener y no tener», ‘Adios a las armas’. Eta baita ere Edorta Jimenezen ‘Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan’ eta Fernanda Pivanoren ‘Hemingway’.